Itsuentzako edo ikusteko desgaitasuna dutenentzako bozketa-prozedura irisgarria

1612/2007 Errege Dekretua

Nork erabil dezake prozedura hori?

Hautesle-erroldan inskribatuta dauden, braille-sistema erabiltzen dakiten eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta duten edo ONCEko kide diren itsuek edo ikusteko desgaitasuna duten pertsonek boto-kit irisgarria eska dezakete. Kitak hauteskunde-paper eta -gutunazal estandarrak eta braillez idatzitako dokumentazio osagarria ditu.

Boto-kit irisgarria hauteskunde-egunean emango zaio eskatzaile bakoitzari, botoa ematea dagokion hauteskunde-mahaian.

Eskaera

Boto irisgarria eskatzeko maiatzaren 30etik ekainaren 26ra (biak barne) Barne Ministerioko 900 150 000 doako telefono zenbakira dei egin behar da.

Boto-emailearen izen-abizenak, helbidea, NAN zenbakia eta harremanetarako telefonoa eman beharko dira.

Bozketa

Hauteskunde-egunean, hauteslea bere hauteskunde-mahaira bertaratuko da; aurrez, NAN aurkeztuko du eta eskatutako boto irisgarriaren kit-a emango zaio.

Prozedura hori erabiltzea borondatezkoa da; horrela, hautesle itsuek edo ikusteko desgaitasuna dutenek konfiantzako pertsona baten laguntza izaten jarraitu ahalko dute hauteskunde-egunean.

Boto-kit irisgarriak boto-eskubidea autonomiaz eta isilpean baliatzea bermatzeko behar den guztia dauka:

Hautesle guztiek erabiltzen dituzten boto-paper eta gutun-azal berdinak.

Dokumentazio osagarria braillez, kitaren edukiari eta erabilerari buruzko jarraibideekin.

Boto irisgarriaren kitarekin, hautesle horiek hauteskunde-mahaitik hurbil dauden horretarako gaitutako lekuetara joan ahalko dira, bertan pribatutasuna bermatuz dokumentazioa maneiatzeko.

Kita hauteslekutik kanpo ere eraman dezakete eta gero botoa ematera itzuli.

Jarraian, hauteslea hauteskunde-mahaira hurbildu eta bere nortasun agiria erakutsi beharko du:

  • NAN (ez du balio tramitatzen ari den NANaren frogagiriak, bertan ez baita argazkirik agertzen).
  • Pasaportea.

Bozketaren ondoren, hautesleari bozketa-kita eta soberan geratzen den material guztia eramatea gomendatzen zaio, emandako botoa isilpean mantentzen dela ziurtatzeko.